Maila bakoitzari egokitutako informazioa

LEHEN HEZKUNTZA 1-2

Adin honetarako oso bisita aproposa da Olentzero Ikazkina eta 1950eko Eskola. Bi bisita hauek goiz baterako plan bikaina osatzen dute, herrigunean dagoen aisialdi gune batean amaitzeko. Udaletxeko plaza dago bertan, kotxerik gabeko gunea, arriskurik gabea. Jolas-parke estali bat ere badago, eta eguraldi txarra egiten badu, kristalez babestutako beste gune bat ere badago, han bazkaltzeko. Gainera, komun publikoak, iturri bat eta kafetegiak ere badaude, besteak beste.

LEHEN HEZKUNTZA 3-4

Adin honetarako, goiz baterako plan bikain bat proposatzen dizuegu. Lehenik, Burdinola tailerra egingo dugu: ikasleak txundituta geratuko dira hiru metroko altuera hartzen duen suarekin, burdinola martxan jartzean ateratzen den zarata ez dute inoiz ahaztuko. Bigarrenik, Euskal Burdinaren Museoan gai asko modu praktikoan eta dinamikoan ulertzeko gakoak emango dizkigute. Eta amaitzeko, herrigunera joango gara, autobusez bost minutu eskaseko bidaia eginda, han 1950eko eskola bisitatzeko. Eskolan barre egingo dugu, jolastu egingo gara, zigortu egingo gaituzte, eta gaurkoarekin zerikusirik ez duen hezkuntza mundu bat ezagutuko dugu.

Papera eta kartoia eta langileen ibilbidea egin daitezke.

Gaiak

Makina sinpleak, mea, energia hidraulikoa, besteak beste. Burdinolan ola-pintxoa eskainiko zaie ikasleei (txistorra eta ogia), edo beste zerbait, intolerantziarik badute. 

LEHEN HEZKUNTZA 5-6

Plan paregabea dugu adin honetarako, eskola curriculumean ondo txertatzen dena. Erdi Arotik hasita, industria arora bidaiatuko dugu. Prozesu hori zergatik eta nola gertatu zen ulertuko dugu. Fisika, kimika eta gizarte gaiak landuko ditugu, besteak beste, era atseginean eta dibertigarrian. Bisita hau Mirandaola parkean hasiko da, Euskal Burdinaren Museoa eta Mirandaola burdinola ezaguna ikusiz. Bisita magikoa da, eta haurrek konturatu gabe ikasiko dituzte zientziarekin eta historiarekin lotutako gauza asko. Amaitzeko, txistorrarekin eta baserriko ogiarekin egindako pintxo bat eskainiko digute olagizonek, Ze ona ! Jarduera hau amaitutakoan, autobusa hartu eta herrigunera joango gara, Langileen Ibilbidea ezagutzera. Bertan, ikasleen adin bereko 1950eko hamarkadako haur baten bizitzan murgilduko gara. Euskal Herrira milaka familia nola etorri ziren ezagutuko dugu. Industria iraultzaren arrazoiak ulertuko ditugu, mekanizazioa nola sartu zen eta horrek pertsonentzat zer suposatu zuen ezagutuko dugu.

Aiton amonen bizimodua ezagutzeko benetazko guneetan sartuko gara: aiton amonen etxea, eskola eta fabrika ezagutzeko aukera izango dugu.

Tailerrak oso dibertigarriak dira, eta 6. mailakoei zuzenduta, escape room edo ihes gela joko bat egin dezakegu. Euskal Burdinaren Museoan egiten da, oso dibertigarria da eta ikasleek jolastuz ikasiko dute.

Bisita gidatu honek material pedagogikoa eskaintzen du, egin aurretik eta ondoren erabiltzeko. Bisita egin aurretik, ikasleen ikusmina pizteko erabili daiteke; eta bisita amaitutakoan, bertan ikusitakoa errepasatzeko balio dezake. Gaiak: energia berriztagarriak eta berriztaezinak, migrazioa, teknologia eta abar. Burdinolan ola-pintxoa eskainiko zaie ikasleei (txistorra eta ogia), edo beste zerbait, intolerantziarik badute. 

Ekintzak

Gure Lehen Hezkuntzako programa deskargatu.

Eta gainera....​