Ferrería, la importancia del hiero en el País Vasco

Programa honen helburua da ikasleek burdinak Euskal Herrian izan duen garrantzia ezagutzea, eta esperientzia horretaz modu atsegin eta dibertigarrian gozatzea.

Zergatik Legazpin

Legazpin benetako euskal burdinola batean murgiltzeko aukera izango duzue, eta martxan ikusi ahal izango duzue, XVI. mendean bezala jantzita dauden olagizonen laguntzarekin.

Bisita: Euskal Burdinaren Museoan hasiko da, eta ondoren, munduko burdinazko pilotaleku bakarra duen parkea zeharkatuko dugu, Mirandaola burdinolara iristeko. Han zain izango ditugu olagizonak, errotaren ardatzak mugitzen dituen ur-jauziak eraginda, hauspoak eta mailua martxan jartzeko. Egundoko ikuskizuna da! Hiru metroko garaiera hartuko duen suak txundituta utziko ditu ikasleak. Olagizonek labetik gori-gori dagoen burdin zatia ateratzen dutenean eta mailuarekin kolpatzen hasten direnean amaituko da isiltasuna. Inoiz ahaztuko ez duten esperientzia da bisita hau. Ikuskizuna amaitzean, Mirandaolako sekretua ezagutuko dugu, eta olagizonek ola-pintxoa prestatuko dute, baserriko ogiarekin jateko.

Burdinola eta museoa

Benetako gune bat da, erreala, eta XVI. mendean funtzionatzen zuen bezala funtzionatzen duena. Horrelako lantegiek 400 urte luzez egin zuten lan, eta ekoizten zuten burdina Amerikara eta Europara saltzen zen. Euskal Burdinaren Museoa bera ere, fundizio lantegi zahar bat da, museo bihurtutakoa. 

Burdinaren lanbidea

Burdinarekin zerikusia duten antzinako lanbideak ezagutuko ditugu. Olagizonarena, lanbide kualifikatuen artean baloratuenetakoa zen. Ikazkinak txondorra egiteko zuhaitzak lepatzen zituen. Meatzariak lan jardunaldi luzeak egiten zituen lurpean, mea preziatua ateratzeko. Beste lanbide batzuk ere baziren burdinaren inguruan.

Makineria eta teknologia

XV. mendean burdinola osoa martxan jartzeko erabiltzen zituzten makina arruntak eta teknologia ezagutuko ditugu. Fisikaren, kimikaren, ekonomiaren eta gizartearen garrantzia aintzat hartuko dugu. Energia hidraulikoaren eta mekanikoaren indarra ezagutuko dugu, eta burdinak material gisa duen garrantzia ikusiko dugu, bere ezaugarriak aztertuz. Gai gehiago ere landuko ditugu.

Historia eta kultura

Burdina ezinbestekoa izan da eta da Euskal Herriko historia ezagutzeko orduan. Gaur garena neurri handi batean metal horri esker garela esan genezake. Burdin Haranean goiz zoragarri bat igarota, 2.000 urte baino gehiagoko historia ezagutu daiteke, burdinoletatik fabriketaraino bidaiatuz.

Duela 2.000 urte baino gehiago burdinaren mendiak aurkitu zirenetik, mineral horrek oparotasuna ekarri zigun, eta mundu mailako lehen potentzia gisa posizionatu gintuen. Hasieran, burdina mendiko burdinoletan egiten zen, lehengaietatik gertu. Baina gurpil hidraulikoa iritsi zenean, haranetara jaitsi zituzten burdinolak, ibaien indar hidraulikoa aprobetxatzeko. Legazpin jaiotzen den ibaiak Ur-Ola du izena, olez beteriko ibaia, euskaraz. Izan ere, ibai horren ondoan 20tik gora burdinola egon ziren martxan. Baina, zergatik itxi ziren 400 urtetik gora funtzionamenduan egon ziren burdinolak? Zer gertatu zen populazioaren zati handi batek Amerikara emigratzeko? Nola lortu zuten krisialditik ateratzea? Horien eta beste gai batzuen argibideak Euskal Burdinaren Museoan aurkitu daitezke. Museo horretan, gainera, ahaztuko ez dituzun bitxikeriak kontatuko dizkizugu.

Informaziorako eta erreserbak egiteko jarri zaitez harremanetan Hezkuntza sailarekin:

Lehen Hezkuntzarako, Bigarren Hezkuntzarako, Batxilergorako, Lanbide Heziketarako, Unibertsitaterako eta Helduen Heziketarako dago bereziki diseinatuta tailer hau.

Ikusmina eragiteko asmoarekin landutako material pedagogikoa dugu, bisitaren ondoren jasotako ezagutza berria proban jartzeko.

Lehen Hezkuntza

Lehen Hezkuntzan makina sinpleen, materialen eta energia mota desberdinen garrantzia landuko dugu, besteak beste.

Batxilergoan

Batxilergoan ikasleari gaur dugun gizartean eta industrializazioaren ondorengo garaian pentsarazi nahi diogu, baina ikuspuntu desberdinak landuz: zientzia, artea…

Bisita honetan, bi olagizonek martxan jarriko dute burdinola, eta makineria guztia funtzionamenduan ikusteko aukera izango da. Euskal Burdinaren Museoan aukera bat baino gehiago daude bisita egiteko: bisita gidatu dinamiko batekin, edo ihes gelaren sisteman oinarritutako joko baten bidez.