Maila bakoitzari egokitutako informazioa
LANBIDE HEZIKETA
Iraganera eramango gaituen bidaia bat proposatzen dizuegu, Metalurgiaren hastapenetatik industrializaziora.
Zergatik dute metalaren sektoreak hainbesteko garrantzia Gipuzkoan eta Euskadin? Nondik dator industria-garapen hori? Galdera horiei erantzuteko Industria Iraultzara jo behar dugu, eta are urrunago ere bai: elektrizitatea iritsi aurretik, nola fabrikatzen ziren metalezko piezak? Uraren indarraz mugitzen ziren euskal burdinolek nazioarteko ospea lortu zuten, 400 urte baino gehiagoz jardunean egon ziren, eta gaur egungo euskal industriaren oinarriak ezarri zituzten.
Esperientzia Mirandaolako Parkean hasiko da. Bertan, Euskal Burdinaren Museoa eta martxan dagoen Mirandaolako Burdinola bisitatuko ditugu: uraren indarraz (Urola ibaia) mugitzen diren gabi hidraulikoa eta hauspoak, egur-ikatzez elikatutako sua, eta burdinaren beroketa eta forjaketa zuzenean ikusiko ditugu. Aukera paregabea izango da transmisio mekanikoa, energiaren eraldaketa eta beroaren eraginpean metalak duen portaera bezalako kontzeptuak benetako ekoizpen-prozesu batean ezagutzeko, ez liburu bateko eskema edo simulazio birtual baten bidez.
Ibilbidea Fabrikan osatuko dugu. Bertan, XX. mendeko mekanizazioa, kate-lana eta artisau-ekoizpenetik serieko industria-ekoizpenera egindako bilakaera ezagutuko ditugu; ikasgelan lantzen dituzuen mekanizazio- eta fabrikazio-teknikekin lotura zuzena duen bisita izango da.
Bisitak Chillida Lantoki ere barne hartzen du. Bertan ikusiko duzue nola egokitu zituzten langileek makinak, ezagutza eta industria-teknikak artearen zerbitzura: milano-isatsak, nitrogeno bidezko tratamenduak, muntaketa-sistemak eta beste hainbat baliabide tekniko.
Burdinazko eskultura ospetsuenetako batzuk nola egin ziren eta horiek sortzeko zer teknika erabili zituzten ezagutuko duzue; Donostiako Haizearen Orrazia adibidez, Patricio Echeverríaren lantegian egin zen.
Aukeran, Burdinaren Euskal Museoan Escape Room esperientzia ere egin daiteke. Burdinaren munduan girotutako enigma eta erronken bidez, logika eta talde-lana praktikan jartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Landuko diren edukiak: transmisio mekanikoa eta energiaren eraldaketa, beroketa- eta forjaketa-prozesuak, energia berriztagarriak eta berriztaezinak, mekanizazioa, kateko lana eta prozesu siderurgikoaren bilakaera. Bisita gidatuak material pedagogikoa ere badu.
Bisitatu daitezkeen guneak
Mirandaolako Burdinola
XVI. mendeko sistema mekaniko bat martxan ikusiko duzue: uraren indar hidraulikoak ardatza, hauspoak eta gabi hidraulikoa mugitzen ditu, burdina berotu eta forjatzeko behar den energia sortuz. Aukera paregabea izango da transmisio mekanikoa, energiaren eraldaketa eta beroaren eraginpean metalak duen portaera bezalako kontzeptuak benetako ekoizpen-prozesu batean ikusteko, ez soilik liburu bateko eskema batean.
Burdinaren Euskal Museoa
Brontzea galdatzeko lantegi zahar batean, gaur egun museo bihurtuta, burdinaren ekoizpenaren bilakaera ezagutuko dugu: mendiko burdinoletatik burdinola hidraulikora, eta handik industrializaziora.
Fabrika
Ibilbidea XX. mendeko mekanizazioa, kate-lana eta artisau-ekoizpenetik serieko industria-ekoizpenera egindako trantsizioa ezagutuz osatuko dugu; ikasgelan lantzen dituzuen mekanizazio eta fabrikazio teknikekin kontraste zuzena eskaintzen duen bisita da.
Chillida Lantoki
Fabrikan eskultoreak eta langileak nola egiten zuten lan ikusiko duzue, baita makinak, ezagutza teknikoa eta industria-prozesuak artearen zerbitzura nola egokitu ziren ere.
Burdinaren Euskal Museoko Escape Room
Nahi duenak bisita amaitu ahal izango du burdinaren munduan girotutako enigmen bidez logika eta talde-lana proban jarriz.





