Murgildu zaitez euskal tradizioa eta kultura erakusten dituen museo bizi batean, eta ezagutu ezazu zergatik bihurtu zen landa eta artisau gizarte bat industria gizarte. Bizi ezazu Euskal Herriko burdinaren historia.

Lenbur Museo Lurraldea Legazpin dago kokatuta, eta zure bisita antolatzeko aukera eskaintzen dizu, herriko baserriak, burdinolak, lantegiak, langileen etxebizitzak, eskolak eta abar konbinatuta. Bikotean, familian edo taldean egiteko plan paregabeak eskaintzen dizkiogu bisitariari, bakoitzaren premiak kontuan hartuta. Talde txikiei, gainera, ingurune pribilegiatu batean gauzatzeko esperientzia esklusiboak eta formatu txikikoak eskaintzen dizkiegu. Ez zaitez geratu informazioa eskatu gabe. Deitu edo e-mail bat bidali.

Oficina de turismo de Legazpi

Bisitaldi egokituak

Aniztasun funtzionala duten pertsonei egokitutako bisitak ere egiten ditugu. Bisitaren eta taldearen ezaugarrien araberako plan bat proposatuko dugu.

Planak

Burdin Haranean esperientzia ahaztezina bizitzeko aukerarik onena proposatuko dizu Mirandaolako Turismo Bulegoak. Mila modu eta konbinazio daude, baina hemen hainbat adibide eskaintzen dizkizugu: 

1

Goizeko plana: Euskal tradizioa: Mirandaola burdinola martxan + Euskal baserria. 

Bisita honetan euskal tradizioan eta kulturan murgilduko zara, duela 500 urte euskaldunak nola bizi ziren ezagutuz. Bisita Mirandaola parkean hasiko da: Euskal Burdinaren Museoa bisitatuko dugu, eta benetako burdinola bat ezagutuko dugu; olagizonak ikusiko ditugu han, XVI. mendean bezala jantzita, eta garai hartan burdinarekin nola lan egiten zuten erakutsiko digute, ikuskizun paregabe baten bitartez. Bisitaren lehen zati hau amaitzeko, ola-pintxoa dastatzeko aukera izango dugu, eta ondoren, Brinkola landa auzune zoragarrira joango gara, parketik abiatuta kilometro gutxi batzuk eginda. Brinkolan, Igaralde Goikoa baserrira joango gara, eta han Tiburrek ogia egiteko modu tradizionala zein den azalduko digu Ogiaren Txokoan. Antzinako eta gaur egungo ogi labeak ere erakutsiko dizkigu, eta XVI. mendeko errota martxan jarriko du guretzat.

2

Goizeko plana: Tradiziotik modernitatera: Mirandaola burdinola martxan + Fabrika eta Chillida Lantokia 

Bisita honetan denboran zehar bidaiatuko dugu, antzinako euskal burdinoletatik Euskal Herriko siderurgia-lantegi garrantzitsuenetara. Izan ere, Euskal Herrian 2.000 urtetik gora daramagu burdina ekoizten. Burdin Arotik gaur egunera arte! Burdinolek 400 urtetik gora lan egin zuten, etenik gabe, burdina Europara eta Amerikara salduz. Baina garai berrietara egokitzen joan ginen, eta azken hamarkadetan milaka familia erakarri zituen burdinak Euskal Herrira, bizitza hobeago baten bila.

Bisita Mirandaola parkean hasiko da: Euskal Burdinaren Museoa bisitatuko dugu, eta benetako burdinola bat ezagutuko dugu; olagizonak ikusiko ditugu han, XVI. mendean bezala jantzita, eta garai hartan burdinarekin nola lan egiten zuten erakutsiko digute, ikuskizun paregabe baten bitartez. Bisitaren lehen zati hau amaitzeko, ola-pintxoa dastatzeko aukera izango dugu, eta ondoren, Legazpiko herrigunera joango gara (bi kilometroko ibilbidea), han Euskal Herriko gertuko historia ezagutzeko ezinbesteko bi gune bisitatzeko: Fabrika eta Chillida Lantokia

3

Egun osoko plana

Mirandaolako Turismo Bulegoak egun osoko plan bat proposatzen dizu, Euskal Herriko historia bertatik bertara ezagutzeko eta bizitzeko. Bisita Mirandaola burdinolan hasiko da. Han olagizonak forja lanetan ikusiko ditugu, gori-gori dagoen burdin zatia mailu erraldoiarekin landuz. Burdinolako txingarretan prestatutako ola-pintxo gozoa dastatzeko aukera ere izango dugu. Euskal Burdinaren Museoa ere bisitatuko dugu, eta dendan zerbait erosi eta komunera joateko denbora izango dugu. Gero, herriko baserri politenetako bateraino joango gara, Igaraldera. Ogiaren Txokoa bisitatuko dugu han, eta XVI. mendeko errota funtzionamenduan ere ikusiko dugu. Herrigunera joango gara ondoren, Non jan atalean jasotako jatetxeetako batean bazkaltzeko. Arratsaldean, Euskal Herriko gertuko historian murgilduko gaituzte gure gidariek, 1950eko hamarkadan. Urte haietan etorkizun hobeago baten bila zetozen milaka familia iritsi ziren Euskal Herrira. Hori guztia ezagutzeko, gune ikusgarri batzuk bisitatuko ditugu:  Fabrika eta Chillida Lantokia.

4

 Asteburuko plana

Legazpin asteburuko plan bat egitea proposatzen dizut. Zatoz Legazpira eta hartu ostatu herrian ditugun hotel, landa etxe edo xarmadun apartamentuetan. Alojamendu guztiak turismo guneetatik oso gertu daude, eta ez duzu ia autorik hartu beharko ezertarako. Naturaren erdi-erdian kokatuta dauden landa auzoen eta herriaren arteko kontrasteak biziko dituzu, eta herri txiki baten biztanleen adeitasunaz gozatuko duzu. Legazpi herri txikia da, baina erosotasun guztiak ditu, baita taberna eta jatetxe asko ere, zure egonaldia atseginagoa egiteko. Bisita honetan, larunbatean Langileen Ibilbidea egingo dugu, herrigunean zehar diseinatutako paseo atsegina. Bertan, etorkizun hobe baten bila Euskal Herrira etorri ziren familiak nola bizi ziren ikusiko dugu. Langileen etxebizitza bat bisitatuko dugu, eta ezagutuko dugu zer zen “ugazabandrea” izatea edo “sukaldea erabiltzeko eskubidea zuten bizilagunak” izatea. Lehen berogailurik ez zegoela ikusiko dugu, ezta telebistarik ere, beste gauza askoren artean. Mutilen eskola ere bisitatuko dugu. Bellota enpresaren eskola pribatua zen, eta bertan lantegiko langileen semeek bakarrik ikasi zezaketen. Eskolan arbel-ziriak, lehortzaileak eta luma-muturrak ikusiko ditugu, zigortu egingo gaituzte, edo saritu, baina, zalantzarik gabe, bikain pasako dugu iraganera begiratuz. Eskolatik metro gutxira, Legazpiko paper-fabrikako kultur gunea bisitatuko dugu. Han dago Chillida Lantokia, euskal eskultore entzutetsu haren burdinazko lanak nola egin ziren erakusten duen museoa. Chillidaren forja eta paper tailerra ikusiko ditugu, eta Patricio Echeverria lantegiko Forja Handian zeuden makina zaharrak ere bai, beste elementu batzuen artean. Azkenik, Fabrika ikusiko dugu, gune berri bat, koloretsua eta edukiz betea. Fabrikan Euskal Herriko industrializazioaren gakoak ezagutuko ditugu. 

Igandean atzerago egingo dugu iraganean, eta euskaldunek burdinarekin zuten loturan sakonduko dugu. Izan ere, gaur lantegi handietan burdina egiten jarraitzen badugu (Chillida Lantokian ikus daitezke burdina egiteko erabiltzen diren makinetako batzuk), langintza horretan 2.000 urte baino gehiago daramagu, historiaurretik! Igandea burdinola bat martxan ikusteko utziko dugu, eta baserriak bisitatzeko. Horrela, XVI. mendeko gizartea nolakoa zen ezagutuko dugu. 

Plan horietako bat interesatzen bazaizu, jarri harremanetan turismo-bulegoarekin.