Ferrería de Mirandaola

Lenbur Fundazioaren historia laburra

Lenbur Fundazioa 1997an jaio zen, Legazpiko natur- eta kultur-ondarea eta burdinaren industria herriaren kultur identitatearen ikur gisa balioan jartzeko helburu nagusiarekin. Legazpiko natura eta kultura, aldi berean, kanpora begirako proiekziorako ardatz hartu nahi zituen, eta garapen ekonomikoarentzat eta sozialarentzat lagungarri bihurtu. Bide horretan, Fundazioa lan eskerga ari da egiten “industriala” ere ondarea dela ulertarazteko, industria-aztarnak memoriaren parte direla erakusteko, eta industria-aztarna horiek gizarte honetako partaide gisa definitzen eta bereizten gaituztela ikusarazteko. 

Legazpiko Udalak sortu zuen Lenbur Fundazioa, Corporación Patricio Echeverría, S.A., Cie Automotive S.A., GKN  Driveline  Legazpi,  Urola eta  Zorrotz enpresekin eta Eduardo Chillidarekin (gaur Chillida Leku Museoa) batera, eta Urola Garaiko Mankomunitatea, INEM, Diario Vasco eta Kutxaren laguntzarekin. Aurrerago, beste hainbat enpresa elkartu ziren: Goiber, Construcciones Metálicas Urretxu, U.Z. S. Coop., Teledonosti eta Punto Radio, ZUM, Soroa Arquitectos eta EKEI. Inasmet Fundazioa (gaur Tecnalia) eta Ilinti elkartea ere batu ziren fundaziora.

‘Burdin Harana. Legazpi’

‘Burdin Harana. Legazpi’ izeneko eskaintza turistiko eta kulturala jarri du martxan Lenbur Fundazioak. Produktu horretan, gizakiak, naturak eta burdinak bat egiten dute bi ibilbideren bitartez memoria lantzeko: ‘Burdinolen taupada’ eta ‘Langileen ibilbidea: 1950eko hamarkadan egun bat’. Produktu turistiko eta kultural horrek dagoeneko 25 milioi eurotik gora inbertitu ditu bere exekuzio fasean, eta 400 pertsona baino gehiagori eman die lana (1997-2000 urte bitartean, urteko kontratua). Proiektu horrek asmo publikoak eta pribatuak uztartzen jakin du, eta Euskal Herri, estatu eta nazioarte mailako foroetan kokatu gaitu. Gainera, orain arte Europa mailako 15 proiektu baino gehiago ere garatu ditu.

Proiektuari esker, gainera, 500.000 pertsona baino gehiagok bisitatu gaitu gaur egunera arte (2020 urtea), eta ez dugu ahaztu behar duela urte batzuk ez zela inor etortzen Legazpira.