Fundazioaren dokumentu funtsa Erdi Aroko eta Aro Modernoko burdinaren industriari buruz egindako ikerketen emaitza da. Bi aro horietan burdinolak ziren nagusi. Lantegiek burdinolak ordezkatu zituzten aro garaikideko ikerketek ere badute lekua dokumentu funtsan.

Urola Garaiko burdinolei buruzko datu basea

Eskualdeko udal artxibategietako, Gipuzkoako Lurralde Artxibategietako eta artxibategi pribatuetako dokumentu funtsen hustuketa egin da, eta horren emaitza da eskualdeko burdinolei buruzko 7.000 erregistrotik gorako datu basea. Dokumentu gehienak fotokopiatu eta katalogatu egin dira. 

Gipuzkoako burdinolei buruzko datu basea

Gipuzkoan egon dien burdinolei buruzko datu base bat dugu. Bertan, hainbat datu historiko eta gaur egun geratzen diren aztarnen argazkiak jasotzen dira

Urola Garaiko industrializazioari buruzko datu basea

Urretxuko, Legazpiko eta Zumarragako udal artxibategitako dokumentuen bilketa egin da. Urola Garaiko industrializazioarekin zerikusia duten 600 inguru txosten bildu dira. Jaso den informazio guztia sailkatzeko, antolatzeko eta informatizatzeko datu base bat sortu da, gure eskualdeko memoriaren ikerketa egiteko helburuarekin.  

Enpresa funtsak

Jarduera amaitu duten industria enpresen funtsak dira. Lenbur Fundazioa enpresa horien artxiboak gordetzeaz arduratu da. Hauek dira bildu ditugun artxiboetako batzuk: Puig, La Salvadora, Papelera Amaroz, Manufacturas Olaran, La Palmera… Era askotako informazioa duten 16.000tik gora erregistro ditugu.

Fakturak eta publizitate historikoa

Fakturak eta Euskal Herriko publizitate historikoa bildu ditugu. Halaber, XX. mendean zehar ekoizten zuten marka guztiei buruzko informazioa bilatzeko hustuketa egin da Gipuzkoako artxibategietan. Dokumentazio horrek gai ezberdinei buruzko informazio garrantzitsua erakusten du, besteak beste, XX. mendeko lehen erdiko Gipuzkoako lantegiak nolakoak ziren. Izan ere, lantegi haietako askok eraikinaren irudia inprimatzen zuten fakturetan. Logotipo, idazpuru eta abarren 4.600 irudi inguru ditugu digitalizatuta.