Caserío y molino Igaralde

Programa honen helburua da ikasleek euskal baserri klasiko bat ezagutzea. 

Zergatik Legazpin

Brinkola landa auzoan daude Igaralde Goikoa eta Igaralde Bekoa baserriak, bata bestearen parean, landa inguru zoragarri batean. 

Bisita

Igaralde Goikoan Ogiaren Txokoa dago, eta Tibur Agirre eta ipuin kontalari bat arduratzen dira baserriko atarian harrera egiteaz. Bien eskutik, baserri bat nolakoa den eta bertan nortzuk bizi diren ezagutuko dugu. Bisitariek ogia egiteko erabiltzen diren haziak ikusi eta ezagutuko dituzte, eta Martin Txikiren ipuinaren bitartez euskal mitologia ezagutuko dute, besteak beste. Museoaren ondoan ogi labea dago, eta bertan ogi on bat egiteko sekretuak erakutsiko dizkigu Tiburrek eta, hauxe da bisitaren zatirik onena, haurrek ogi-opila egiteko aukera izango dute! Gero, eskuak garbitu eta parean dagoen baserria bisitatuko dugu, Igaralde Bekoa. Baserri honetan XVI. mendeko errota bat dago, eta han artoa eta beste hazi batzuk nola irintzen dituzten ikusiko dugu. Ur-errota da, eta Tibur arduratzen da martxan jartzeaz, haurrek ikus dezaten makineria osoa nola mugitzen den eta irina nola egiten den. Berriz ere lanean hasiko gara gero, oraingoan galbahea hartuta irin zuritik zahia bereizteko, hau da, haurrek ogi zuriaren eta ogi integralaren arteko aldeak ezagutuko dituzte. Bisita amaitzeko, jaten emango diegu anteparan dauden antzara, ahate, oilo, indioilar eta hegazterrenei. Egundoko esperientzia izango da!

Etxea eta inguruak

Baserria ez da edonolako etxea. Herriko pisu baten eta landa inguruan dagoen baserri baten arteko desberdintasunak ezagutuko ditugu. Baserria nola dagoen banatuta ikusiko dugu, eta beste hainbat gauza ere bai: astoa lotzeko erabiltzen zen aldaba, eguzki-lorea bezalako sinboloak, eguzki-erlojua… Baserria etxebizitza bat baino askoz ere gehiago da. Baserritarrek etxe inguruak, zelaiak, basoak, bideak eta abar zaintzen dituzte. Ikas dezagun landa ingurua behar bezala balioztatzen, jasangarritasuna zer den, eta gai guztien aprobetxamendua egiten: ongarria, esne-gaina, eta abar. 

Baserriko lanbideak

Baserri batean denetik egiten jakin behar da, baina lanbideen artean, batez ere errotari, nekazari, abeltzain, gaztagile eta artzainarena ezagutuko ditugu, besteak beste

Makineria

Ikasleen adina kontuan hartuta, laiak, goldeak edo narrak bezalako antzinako tresnak ezagutuko ditugu, eta errota bezalako antzinako makinak martxan jarriko ditugu.

Abereak

Baserrian elkarrekin bizi izan dira beti pertsonak eta abereak. Bisita honetan haurrek jaten emango die oiloei, antzarei eta hegazterrenei. Animali bakoitzak zer jaten duen, eta jateko zer ematen duten ezagutuko dugu: arrautzak, esnea… 

Kultura

Baserria paisaiaren parte da, eta zalantzarik gabe, euskal kulturaren funtsezko elementuetako bat ere bai.

Balioak

Baserrian auzolanen egiten zen eta egiten da lan, taldeko lana egiten da, eta partekatzea eta komunitatean ospatzea oso garrantzitsua da. Landa inguruko lanaren kultura eta tradizioa aintzat hartzea. Abereak zaintzea eta errespetatzea. Elikadura onari balioa ematea eta geure ogi-opila egitea eta sortzea. Kideekiko eta gidariekiko errespetu jarrera izatea

 IRAUPENA
Ordu bete gutxi-gorabehera.

 PREZIOA
Kontsultatu

 MUSEOAK ETA GUNEAK
Igaralde Goikoa baserria-Ogiaren Txokoa. Igaralde Bekoa baserria-Errota.

 ZERBITZUAK
Hemendik gertu, kilometro gutxitara, Mirandaola parkea dago. Landa ingurunea oso atsegina da bertan bazkaltzeko.

 NOLA IRITSI
Oso erraz iritsi daiteke baserrietara trenez eta autobusez
(Nola iritsi)

Informaziorako eta erreserbak egiteko jarri zaitez harremanetan Hezkuntza sailarekin:

Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklorako dago bereziki diseinatuta tailer hau.