LENBUR Fundazioak, “Mari Domingi eta Olentzeroren zaku magikoa” ipuina aurkezten du, fundazioaren kultur proposamenaren barruan.
Idazlea: Ane Odriozola.
Ilustratzailea: Dani Uribeetxebarria.
Bertsolaria: Nerea Elustondo.

ABENDUAK 17, Mimaru Loradendan: 12:00-13:00. Ane Odriozolak ipuin berriaren sinadura eta Dani Uribeetxebarriak marrazkitxoa egingo die gerturatzen diren guztiei.

Proiektuaren testuingurua:

12 urte baino gehiago dira Legazpin, Burdinaren Haranean, Olentzero, Euskal Herriko ikazkin maitatuena gertutik ezagutzeko ekimena abian jarri zela. Olentzerorekin batera, burdinola martxan jartzeko ikatza behar duen Burdintxo eta azken urteetan, Mari Domingi, ezagutzaren dama, zeinek erredurak eta beste zenbait gaitz sendatzeko ukendu magikoak prestatzen dituen, gure ekimenaren protagonista bihurtu dira.

Horretarako, Mirandaolako Parkearen esparruan, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren magalean, pertsonai hauek bizitza hartzen dute urtero. Honela, fikzioa eta errealitatea nahastuz, haurrak, opari, ikatza eta zaku magikoaren munduan barneratzen dira eta magiaz bezala, pertsonaiak ipuinetik ateratzen dira istorioari bizia emanez.

Urte hauetan hainbat istorio kontatu dira, baina beti ahoz, amonek kontatzen zuten bezala, tximiniaren beroan. Baina inoiz ez da haurrentzako ipuin bat idazteko pausorik eman, harik eta aurten hiru Legazpiar profesionalekin, Ane Odriozola idazlearekin, Nerea Elustondo bertsolariarekin eta Dani Uribeetxebarria ilustratzailearekin harremanetan jartzea erabaki genuen arte, istorio berri bat kontatzeko helburuarekin: Mari Domingi eta Olentzeroren zaku magikoa.

Ipuina:

Haur literaturan Olentzerori buruzko liburu dezente daude baina Mari Domingiri buruzkoak oso gutxi, horregatik behar duen lekua eman nahi izan diogu. Ane Odriozolak istorio zoragarria idatzi du, abentura bat, non haurren opariak arriskuan dauden…lortuko ote dute zaku magikoa konpontzea?

Marrazkiak maitasun bereziz eginak daude, xehetasun guztiak zainduz. Gure ustez, haurrek marrazki nagusiei ez ezik, ilustrazio bakoitza apaintzen duten mila xehetasunei ere erreparatuko diete. Deigarria da kasu batzuetan Mari Domingik tatuaje bat izatea edo mugikorrarekin hitz egitea, baina pertsonaiak tradizioari eutsi arren, eguneratu egin dira.

Ipuina, Olentzero joan zaigun doinuan, Nerea Elustondok jarritako bertsoekin amaitzen da. Modu honetan gurea den bertsolaritzaren kultura zabaltzen ere saiatu gara.

Zalantzarik gabe, Legazpiko Olentzero eta Mari Domingiren jarduera erreferentea da euskal familientzat eta ipuin honek Legazpi, Burdinaren Harana, gure kultura eta tradizioa etxeko txikienei ezagutarazten lagunduko du.

Egileak:

  • Ane Odriozola Gibola trilogiaren autorea da eta Gibolarekin Círculo Rojo saria irabazi du. Iparragirre saria hainbat alditan irabazi du. 2024 an nobela berri bat argitaratuko du Grupo Planeataren eskutik, “El Valle del Hierro”.
  • Daniela Uribeetxeberria marrazketako irakaslea da eta hainbat liburu ilustratu ditu, baina hau da bere lehen abentura haur literaturan.
  • Nerea Elustondo ibilbide luze bezain oparoa izan du bertso munduan. Urteak daramatza onenekin buruz buru abesten, eta gazte gaztetatik, asko dira eskuratutako sariak, hala eskolartekoetan nola gazte sariketetan. 2001ean parte hartu zuen lehenengo aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian eta final erdietara iritsi zen; baita 2013 eta 2017ko Txapelketa Nagusietan ere. 4. postuan sailkatu zen 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan.

Data

Abe 17 2023
Expired!