Mirandaolako Miraria

Mirandaolako Miraria

Mirandaolako Miraria

1580ko maiatzaren 3an, igandez, olagizonak lanean ari omen ziren Mirandaolako burdinolan. Halako batean, txinparten artetik, gurutze formako burdin zati bat irten omen zitzaien. Egun guztiko lanarekin lortu zuten burdin zatitxo bakarra, gurutze hori izan zen. 21 zentimetroko luzera du eta 5’5 kilogramoko pisua. Harrituta eta izututa geratu omen ziren olagizonak gertakariarekin. Segituan etorri zitzaien gogora, ordea, Gurutz Donearen aurkikundea ospatzen dela egun horretan. Miraritzat hartu zuten gertaturikoa. Hasieran, Elorregi jauregiko armairuren batean gorde zuten gurutzea, baina gertakaria ahoz aho zabaltzen joan omen zen, eta San Migelgo baselizara eraman zuten handik. Herrian albistea zabaldu zenean, herriko parrokian jarri behar izan zuten gurutze formako burdin zatia, herri guztiak ohore egin ziezaion.

Gertakari haiek jazo eta mende erdira, Iruñeko gotzainaren aurrean kontatu zuten gertaturikoa hainbat lekukok eta hark ere miraritzat hartu zuen gertaturikoa. Gurutze hura ohoratzeko agindua eman zien legazpiarrei eta Santa Kutz egunean prozesioan ateratzeko esan zien. Legazpiarrek, hori ezezik, parrokian kapila bat ere egin zioten gurutzeari eta iragan mendean baseliza ere egin zen gurutzea agertu zen burdinolaren alboan.