Mirandaolatik Igaraldera Baserrira

Igaralde Baserriaren Ibilbidea

Igaralde Baserriaren Ibilbidea

 

Mirandaolatik Igaralde Baserrira


Aizkorriko mendiaren magalean dagoen Legazpiko haran ederrean zehar egingo dugun ibilbidea Mirandaola parkean hasten da.

Autoa parkearen sarreran dagoen aparkalekuan utziko dugu. Aurrean dagoen eraikin gorria, antzinako fabrika bat da eta, bertan Euskal Burdinaren Museoa, taberna-jatetxea, denda eta Turismo Bulegoa ditugu, non, ibilbide hau egiteko argibideak eta Eskualdea ezagutzeko informazioa aurkituko duzu. Ibilbidea egiten hasi baino lehen, eta nahi izanez gero, familientzako bisita bereziak, jokuak, ipuinak, Burdinola martxan, pista jokoa… eta bestelakoen berri jasotzeko aukera ez galdu eta Turismo Bulegoan sartu!

Igaralde, Ogiaren txokoa

Igaralde, Ogiaren txokoa

Distantzia: 1,8 km.
Desnibela: 57 m.
Iraupena: 45 minutu
Ibilbidea oinez nahiz bizikletaz egin daiteke eta oso gomendagarria da familia giroan egitea; hala ere kontuan hartu behar da zenbait bide-tartetan lokatza aurki dezakegula.
Ez da gomendagarria haurren aulkitxoekin egitea.

 

Bidean aurrera egingo dugu, Mirandaolako burdinola atzean utziz eta metalezko seinaleak jarraituz; frontoia eta baserria artean dagoen bidea hartuko dugu, baserria eskuinean utzita. Ibilbidea lautu egingo da ondoren eta eskuinaldean belardiak ikusiko ditugu; zenbaitetan animaliak ere ikusteko aukera izango dugu. Segidan, bideak behera egingo du eta aldapa txiki baten ondoren UR-OLA ibaira gerturatuko gara. Urola (burdinolen ura) ibaiak Aizkorri eta burdinaren industriaren ardatza zen garai batetan, Legazpin zeuden hamabost burdinolak energiaz hornitzen baitzituen.

200 bat metrora, baserriez osatutako eremu batera iritsiko gara, Telleriarte auzoa da, landa-auzo polita eta lasaia non, ondo zaindutako baserriak eta elkarte gastronomikoak dira bertako protagonistak.

Ibilbidetik goazela, harrizko zubitxo bat zeharkatu aurretik, aurkitzen dugun lehenengo etxea Pastain landa-turismoa da. Landetxe bihurtutako baserri ederra; bertan logelak aloka daitezke edo etxe osoa prezio onean (informazioa eta erreserbak: Pastain, 943 73 00 66).

Zubitxoa zeharkatu eta aurrera egingo dugu; metro gutxira, Telleriarteko auzoko plaza txikira iristen gara eta bertan, haur-parkea, atseden hartzeko gunea, iturria eta jarlekuak aurkituko ditugu. Berriro bideari ekin eta ezkerretik ibaiaren ura ikusiaz, Elorregiko monumentu-multzora iristen gara. Elorregi dorretxea, burdinolaren jabeen etxebizitza izan zen eta burdinolak, ermitak eta dorretxeak osatzen zuten gizarte-talde txikiaren erdigunea ere. Bere inguruan antolatzen zen familiaren bizitza soziala eta administratiboa.

Eskubian, San Joan ermita topatzen dugu. Antzinan beste ermita bat zegoen, Elorregi dorretxearen ondoan eta pasabide batek ermita eta dorretxea elkartzen zituen. Gaur egun dagoen ermita 1824an eraiki zen.

Pago lepatuak ikusi nahi badituzue, eskubirantz jo beharko duzue, igoera gogortu egiten da metro gutxi batzuetan, pago lepatuen baso txikira iritsi arte. Baso horretan Olentzerok arbolen adarrak mozten ditu, bertako pagoak lepatuz, burdinolak hornitzen zituen ikaztegietan ikatza egiteko. Bestela aurrera jarraitu eta Elorregiko Burdinola aurkituko dugu, 1.384 ko agirietan agertzen da jada, eta gaur egun baserri bat da. Arku txiki bat ikusten dugu, bertan garai batetan hauspoak eta garabia zeuden.

Bidea jarraituz Legazpiko beste landa-auzo eder batera doa, eta tartean, ibaiari buruzko informazio topatuko duzu.

Brinkola landa-auzoa. Auzoak haraneko lehenengo olagizonak ezagutu zituen seguru asko. Baina auzoa 1864an egin zen ezaguna, trenbidea eraiki zenean eta orduan bihurtu zen Legazpiko lehenengo immigrazio-gune: orratzainak, zamalanetarako mutilak, fakturatzaileak,… Brinkolako tren-geltokia udalerriko komunikazio-ardatz nagusiena izan zen urteetan. Bertatik irteten ziren Madrilera, Irunera eta Frantziara zihoazen salgaien trenak.

Tren-geltokia ezkerretan, aurrera egin eta Urola ibaia zeharkatzen duen zubi handi bat ikusiko dugu, aldapan behera, auzoko elizaraino iristen dena; elizaren eskubian Igaralde Goena baserriarekin egingo dugu topo.

 

Igaralde baserria: Ogiaren Txokoa.

Igaralde, Ogiaren txokoa

Tibur Agirre

Bertan, bisita adostu ezgero, Tibur Agirre, Legazpiko landa-auzo politenetariko batean egongo da zure zain, Ogiaren Txokoan. Lehenengo azalpenek baserrien testuinguruan kokatzen gaituzte, antzinako ohiturekin batera. Ondoren, produktu hau lortzeko behar den prozesu guztia ezagutuko dugu, gure zentzumenak lanean jarriz: hazia landatu, jaso, erabiltzen diren erremintak, irina nola lortu, orea eta azkenik ogia. Horretaz gain, XVI. mendeko errota martxan jarriko du eta egurrezko labea ikusiko dugu, gaur egun lanean ‘jo eta ke’ jarraitzen duena. Kanpokaldean urtegia ikus daiteke eta bertan antzarrak, ahatak egongo dira.