Mirandaolatik Erreizabal baserrira

Erreizabal Baserriaren Ibilbidea

Erreizabal Baserriaren Ibilbidea

 

Mirandaolatik Erreizabal Baserrira


Aizkorriko mendiaren magalean dagoen Legazpiko haran ederrean zehar egingo dugun ibilbidea Mirandaola parkean hasten da.

Autoa parkearen sarreran dagoen aparkalekuan utziko dugu. Aurrean dagoen eraikin gorria, antzinako fabrika bat da eta, bertan Euskal Burdinaren Museoa, taberna-jatetxea, denda eta Turismo Bulegoa ditugu, non, ibilbide hau egiteko argibideak eta Eskualdea ezagutzeko informazioa aurkituko duzu. Ibilbidea egiten hasi baino lehen, eta nahi izanez gero, familientzako bisita bereziak, jokuak, ipuinak, Burdinola martxan, pista jokoa… eta bestelakoen berri jasotzeko aukera ez galdu eta Turismo Bulegoan sartu!

Erreizabal, Artzaintzaren Ekomuseoa

Erreizabal, Artzaintzaren Ekomuseoa

Distantzia: 1,8 km.
Desnibela: 57 m.
Iraupena: 45 minutu
Ibilbidea oinez nahiz bizikletaz egin daiteke eta oso gomendagarria da familia giroan egitea; hala ere kontuan hartu behar da zenbait bide-tartetan lokatza aurki dezakegula.
Ez da gomendagarria haurren aulkitxoekin egitea.

 

Bidean aurrera egingo dugu, Mirandaolako burdinola atzean utziz eta metalezko seinaleak jarraituz; frontoia eta baserria artean dagoen bidea hartuko dugu,  baserria eskuinean utzita. Ibilbidea lautu egingo da ondoren eta eskuinaldean belardiak ikusiko ditugu; zenbaitetan animaliak ere ikusteko aukera izango dugu. Segidan, bideak behera egingo du eta aldapa txiki baten ondoren UR-OLA ibaira gerturatuko gara. Urola (burdinolen ura) ibaiak Aizkorri eta burdinaren industriaren ardatza zen garai batetan, Legazpin zeuden hamabost burdinolak energiaz hornitzen baitzituen.

200 bat metrora, baserriez osatutako eremu batera iritsiko gara, Telleriarte auzoa da, landa-auzo polita eta lasaia non, ondo zaindutako baserriak eta elkarte gastronomikoak dira bertako protagonistak.

Ibilbidetik goazela, harrizko zubitxo bat zeharkatu aurretik, aurkitzen dugun lehenengo etxea Pastain landa-turismoa da. Landetxe bihurtutako baserri ederra; bertan logelak aloka daitezke edo etxe osoa prezio onean (informazioa eta erreserbak: Pastain, 943 73 00 66).

Zubitxoa zeharkatu eta aurrera egingo dugu; metro gutxira, Telleriarteko auzoko plaza txikira iristen gara eta bertan, haur-parkea, atseden hartzeko gunea, iturria eta jarlekuak aurkituko ditugu. Berriro bideari ekin eta ezkerretik ibaiaren ura ikusiaz, Elorregiko monumentu-multzora iristen gara. Elorregi dorretxea, burdinolaren jabeen etxebizitza izan zen eta burdinolak, ermitak eta dorretxeak osatzen zuten gizarte-talde txikiaren erdigunea ere. Bere inguruan antolatzen zen familiaren bizitza soziala eta administratiboa.

Eskubian, San Joan ermita topatzen dugu. Antzinan beste ermita bat zegoen, Elorregi dorretxearen ondoan eta pasabide batek ermita eta dorretxea elkartzen zituen. Gaur egun dagoen ermita 1824an eraiki zen.

Ermita ezkerrera utzita, igoera gogortu egiten da metro gutxi batzuetan, pago lepatuen baso txikira iritsi arte. Baso horretan Olentzerok arbolen adarrak mozten ditu, bertako pagoak lepatuz, burdinolak hornitzen zituen ikaztegietan ikatza egiteko.

Minutu gutxitan errepidera iristen gara. Errepide hori Legazpiko beste landa-auzo eder batera doa: Brinkola. Gure helmugara iristeko 100 metroko errepide tarte bat egin behar dugu eta arretaz egin behar dugu bide-tarte hori, batik bat taldeko txikienei kasu eginez. Errepide horretan ez dira auto asko ibiltzen baina ikuseremu txikiko bihurguneak daude.

Brinkola landa-auzoa. Auzoak haraneko lehenengo olagizonak ezagutu zituen seguru asko. Baina auzoa 1864an egin zen ezaguna, trenbidea eraiki zenean eta orduan bihurtu zen Legazpiko lehenengo immigrazio-gune: orratzainak, zamalanetarako mutilak, fakturatzaileak,…
Brinkolako tren-geltokia udalerriko komunikazio-ardatz nagusiena izan zen urteetan. Bertatik irteten ziren Madrilera, Irunera eta Frantziara zihoazen salgaien trenak. Zonaldean industriaren garapenaren ikur handienetakoa izan zen.

Errepidetik ikusten dugu Erreizabal baserria, eskuinaldean eta mendi-hegalean. Hortxe izango ditugu zai Arantza eta Juan Joxe, baserriari erabat lotuta bizi diren senar-emazteak.

Erreizabal baserria: Artzaintzaren ekomuseoa.

Erreizabal, Artzaintzaren Ekomuseoa

Arantza eta Juan Joxe

Baserria artzaintzaren jarduerari lotutako bizimoduaren eredua da. Hemen ikusiko eta ikasiko ditugu artzaintzaren, ardien eta gaztaren sekretuak.Hemen Idiazabal gazta ederra egiten da, bertako ohiko produktua, jatorrizko izena duena, gure lurrekoa.Baserritarrek eta olagizonek elkarren mende bizi ziren: batzuk erremintak egiten zituzten eta beste batzuk elikagaiak ekoizten zituzten baina elkarbizitza ez zen beti erraza izan. Olagizonek lurrak behar zituzten zuhaitzak landatzeko eta ikatza lortzeko eta baserritarrek lur horiek abeltzaintzarako eta nekazaritzarako behar zituzten.